XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dena dela, 1985ean, profesionaletara pasa eta berehala, Miguel Indurainek emana zuen bere lehen abisua, nahiz eta jende asko xehetasun horrekin ez gogoratu.

Azkenean Rolf Golz alemaniarrak irabaziko zuen Ruta del Sol lasterketan debutatu zuen.

Sailkapen nagusian Miguel Indurain bigarren geldituko zen alemaniarrarengandik hamalau segundora.

Prologoan ere bigarren egin zuen, garai hartan espezialitate horretan errege zen Jesus Blanco Villar galiziarraren atzetik.

Bost kilometrotan segundo bakar bat atera zion Blanco Villarrek.

10,2 kilometroko beste erlojupekoan ere bigarren gelditu zen Golz alemaniarrarengandik hemeretzi segundora.

Guzti hori gutxi balitz, beste etapa batean hirugarren egin zuen.

Hala ere iragarpen hau oso motz geldituko zen etorkizuna gauzatzen joan zen heinean.

1985eko Espainiako Vuelta horretako azken maillot horia, Perico Delgadoren aurreneko garaipen garrantzitsua izan zen, nazioarte mailan lortutako lehendabizikoa.

Perico Delgado, garai hartan, Miguel Indurainen arerio zen, MG-Orbeara joana baitzen.

Delgadok Segovian irabazi zuen, bere publikoaren aurrean, bere jarraitzaileen aurrean, azken aurreko etapan Jose Reciorekin Segoviarako bidean ihesaldia burutu ondoren.

Horrela, Robert Millar eskoziarrak minutu dexente galdu zituen Perico Delgadorekiko eta lidergoa galtzeaz batera lasterketa osoa ere galdu egin zuen.

Miguel Indurainek korritzen zuen Reynolds taldeak mendia irabazi zuen Jose Luis Laguiarekin.

Garai hartan txirindulari kataluniarrak zuritzen zuen Reynoldsen izena bere mendiko garaipenen bidez.

Itzuli hartan Enrique Aja, Guillermo Arenas, Eduardo Chozas, Iñaki Gaston, Julian Gorospe, Carlos Hernandez, Hernandez Ubeda eta Celestino Prieto izan ziren Indurainen taldekide.

Hain zuzen horiexek izango ziren Miguel Indurainek lehen aldiz maillot hori adierazgarri bat hartu eta uzten ikusi zuten lekukoak.

Miguel Indurainek hogei urte besterik ez zituen, oraindik hogeita bat bete gabe.

Reynolds taldearen zutabeak Julian Gorospe eta Jose Luis Laguia bezalako txirrindulariak ziren eta atzetik, etorkizunerako prestatzen, Gaston, Arenas eta Miguel Indurain agertzen ziren.

1985eko Espainiako itzuli horrek, urte batzuk pasa ondoren, garrantzi berezi bat hartuko du eta denborarekin posible izango da azterketa sakonago bat.

Perico Delgadok irabazi zuen, baina Miguel Indurain eta Pello Ruiz Cabestany ere lider izan ziren egun batzuetan.

Denborarekin, bai Delgado eta baita Indurain ere, garai desberdinetan Espainiako txirrindularitzaren historiako onenak izatera iritsiko ziren.

Lehendabizi Delgado izango zen eta ondoren Indurain.

Vuelta hori alde guztietatik oso garrantzizkoa izango zen hemengo txirrindularitzarentzat.

Vuelta horretako bi protagonista horien bilakaerek, batipat nafarrarenak, aurrikuspen guztiak hankaz gora botako zituzten.

Izan ere Miguel Indurainek aparteko dohainak erakusten jarraituko zuen erlojupeko laburretan eta horixe izango da, bere karreraren oinarriak jarriko dituena, hasiera batean behintzat.

1985eko Espainiako Vuelta horretan baziren beste zenbait izen handi ere, Sean Kelly, Raimund Dietzen, Alvaro Pino edo Jose Luis Navarro, adibidez.

Azken hau afizionatuetan Miguel Indurainekin batera ibilia zen, zertxobait zaharragoa izan arren; garaipenak ere lehenago lortu zituen, baina azkenean Indurain baino askoz bide laburragoa eginda geldituko zen.